Añorgaren aurka 1-3 galduta, ez du punturik bildu Goierri Gorrik gipuzkoarren arteko derbian

Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 27/03/2017

EUSKAL LIGA JUBENILAK KADETEAK INFANTILAK ALEBINAK
Goierri Gorri 1-3 Añorga “B” Mondragon 3-2 Goierri Gorri OHOREZKO MAILA:
Goierri Gorri 0-4 Eibar
LEHENENGO MAILA:
Goierri Gorri 2-0 Amara Berri
TXAP. FASEA:
Goierri Gorri “B” 1-11 Urki “A”
KOPA:
Goierri Gorri “A” 2-1 Amaikak Bat
Goierri Gorri “C” 3-2 Urki “B”
Atsedena

Aurreko asteburuan markagailua iraulita, bultzada berarekin jarraitu nahi zuten gorriek gipuzkoarren arteko derbian Igartzan. Añorga puntu beharrean zetorren ordea, eta berdegunean nabaritu zen. Jokoan nagusi izan ziren kanpokoak eta Goierri Gorriri 1-3 irabazita hiru puntuak eraman zituzten.

Partida hasi orduko egin ziren Añorgako jokalariak baloi jabetzarekin. Aurrean arrisku handirik sortzen ez bazuten ere, zelai erditik atzera ongi antolatu eta baloia mugitzeko gaitasuna erakutsi zuten. Sakontasuna baliatuz aurkitu nahi zuten goierritarrek irteeraren bat, baita baloia goian lapurtzeko saiakeraren bat egin ere. Kanpokoak aurreratu ziren markagailuan ordea, zelai erdiko marra gainditu eta urrutitik eginiko jaurtiketa baten bidez. Goierri Gorrik markagailua berdintzeko ahaleginean, aurkarien atera gerturatzea lortzen zuen baina ez zuten asmatzen. Halako batean, Añorga baloia atzetik ateratzen ari zela, huts nabarmena egin eta beren atean sartu zuten gola; 1-1. Atsedenera banakoarekin joan ziren, bi taldeek zapaldu arren elkarren areak.

Bueltan ordea, pausu bat egin zuten aurrera Añorgakoek eta ondorioz arazoak sortu zizkieten gorriei. Etxekoen gola Añorgaren hutsetik etorri bazen, 1-2ekoa ere antzerakoa izan zen aurkako atean. Alboko sake batek ihes egin eta Añorgako aurrelariak ez zuen barkatu. Hortik aurrera kanpokoak egin ziren baloiarekin eta hutsuneak bilatzen hasi ere bai. Atzeko lerroa ulertu ez zen jokaldi bat baliatu zuten amaierako 1-3koa egiteko, eta goierritarrak aukerak izan bazituzten ere markagailuan gerturatzeko ez zuten atea aurkitu. Hiru puntuak Añorgak eta ondorioz zazpigarren postuan da Goierri Gorri 33 punturekin. Datorren larunbatean Elorrion jokatuko dute.

Punturik ere ez dute bildu jubenilek 3-2 galduta Mondragonen, 0-2 aurreratu baziren ere goierritarrak zelaia egoera txarrean egonagatik. Liernik eta Amaiak egin zituzten golak, baina partida hasi besterik ez zen egin. Lerroak atzeratu zituzten gorriek eta korner bidez gerturatu ziren etxekoak, 1-2. Lehen zatia amaitzear zela, binako berdinketa jaso zuten. Bigarren zatia gogor hasi zuten bertakoek, goierritarrak zelaiaren egoeragatik nekatzen ari ziren bitartean eta hau baliatu zuten 3-2koa egiteko. 10 minuturen faltan gora egin zuen Goierri Gorrik eta aukerak pilatu arren ez zuten sareetara bidaltzen asmatu.

Kadeteen mailan bi emaitza kontrajarri. Ohorezko mailan 0-4 galdu du Goierri Gorrik etxean Eibarren aurka. Lehenengo mailan bestetik 2-0 irabazi dute gorriek Amara Berriren aurka. Garaipenera itzuli dira eta bide onetik gainera. Bi goleko aldeaz irabazi zuten, baina gehiago ere izan zitezkeen lehen gola iristea kostatu bazen ere, bigarren zatira arte ez baitziren iritsik hauek. Olatzek egin zituen partidako biak atzelariei abiaduran irabazi eta jaurtiketa sendo bidez, honela taldeak hiru puntuak eskuratuz.

Amaitzeko, infantilen hiru taldeek etxean jokatu dute. Goierri Gorri “B”-k 1-11 galdu du txapeldunen fasean Urki “A”-ren auka. Goierri Gorri “A”-k berriz 2-1 irabazi du Amaikak Baten aurkakoa kopan; eta lehiaketa berean Goierri Gorri “C”-k 3-2 garaitu du Urki “B” taldea.

No Replies to "Añorgaren aurka 1-3 galduta, ez du punturik bildu Goierri Gorrik gipuzkoarren arteko derbian"


    Komentarioak

    Some html is OK