Bi porrot jarraian urtea amaitzeko

Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 12/12/2016

EUSKAL LIGA JUBENILAK KADETEAK INFANTILAK ALEBINAK
Goierri Gorri 1-4 Zarautz (14.jard.)
Leioa 2-1 Goierri Gorri (15.jard.)
Goierri Gorri 5-0 Hernani Ohorezko mailan: Añorga 3-3 Goierri Gorri
Lehenengo maila: Goierri Gorri 0-5 Bergara
Txap. fasea: Mutriku 3-0 Goierri Gorri “B”
Kopa: Goierri Gorri “A” 0-3 Ordizi
Urola 3-0 Goierri Gorri “C”
Partidarik ez

Bolada onak amaiera izan du aste honetan zehar Euskal Ligako taldearentzat. Bi partida, bi jardunaldi izan dituzte Koldo Zalduaren neskek eta ez dute punturik bildu bi norgehiagoketan. Sailkapenean gertu zituzten bai Zarautz eta baita Leioa ere, eta porrotekin behera egin dute taulan. Urteko azken jardunaldiak izan dira, urtarrilean helduko diote lehiari berriro zazpigarren postutik.

Partidei dagokienean, ostegunean izan zuten 14. jardunaldiari zegokiona. Zarautzen aurkakoa golpe handia izan zen goierritarrentzat, ez baitzuten aurpegi ona erakutsi zelaian. Lehen momentutik lo irten ziren jokalariak eta zarauztarrek hartu zuten jokoaren gidaritza. Ez ziren berdegunean topatzen gorriak eta aldaratze batetik iritsi zen lehen gola. Zelaian kokatu ezinda jarraitzen zuten, eta baloiak galduz. Taldea tokitik kanpo aurkitu zuten Zarauzko jokalariek eta 0-2koa egin zuten aldageletara joan aurretik. Bueltan ordea, lehengo lepotik burua. Apur bat gora egin zuten Goierri Gorrikoek aurkarien atera pare bat aldiz iritsita, baina ez zen garaiz iritsi gola. Hirugarrena egin zuten zarauztarrek, eta behin partida erabakita aldea murriztu zuen Miren Arrondok, penalti bidez. Taldea pizteko berandu zen ordea eta 1-4koarekin amaitu zen partida.

Larunbatean zuten burua altxatzeko aukera, Leioaren aurka Sarrienan. Atseden hartzeko denborarik gabe, baina bi egun atzera begiratzeko ere astirik gabe. Bizkaira bidaiatu zuten beraz hutsetik hasteko asmoz. Baloia ongi mugitzen dute ordea bizkaitarrek eta nagusitzen ari ziren hasierako minutuetan. 20garren minutuan egin zuten lehenengo gola, falta bat erdiratu eta errematatuz. Hamar minutura gerturatu ziren aurkariaren atera baina etxeko atezainak gelditu zuen hori. Baina berehala falta arriskutsu bat alde gipuzkoarrek, eta harresia eskatu gabe jartzen ari ziren bitartean Miren Arrondok egin zuen banakoa; 1-1. Bigarren zatia orekatuagoa izan zen, baina 15 minuturen faltan erdiraketa itxi bat sareetara joan zen eta 2-1 galdu zuten. Eginiko akatsak konpondu eta datorren urtera begira eginiko akatsak konpontzeko denbora du orain Goierri Gorrik.

Jubenilek bizitasuna erakutsi dute berriz igandeko partidan. Aurreko asteko berdinketa on bihurtuz, hiru puntu batu dituzte Hernaniri 5-0 irabazita Arizti Handin. Berehala egin ziren jokoaren kontrolarekin goierritarrak, eta atsedenera 4 goleko aldea eramatea lortu zuten. Bi gol Amaiak egin zituen eta bana Lierni eta Leire Auzmendik. Bueltan, partida erabakita Amaiak kontuko hirugarrena egin zuen; 5-0. Partida borobila, serioa eta ikuslegoarentzat polita.

Kadeteetan sentsazio kontrajarriak. Ohorezko mailakoek hiruna berdindu dute Añorgan. Aurrez faborito izango lirateke etxekoak baina partida irabazte aukeran izan dira goierritarrak. Lehen zati lehiakorra ikusi zen, eta berdindua. Hutsean zen markagailua bigarren zatian, baina 0-2 aurreratu ziren gorriak. Atzean lasaitu eta bina berdindu zuen Añorgak, baina berriro aurrea hartu zuten goierritarrek; 2-3. Azken unean gola egin etxekoek eta hiruna amaitu zen partida. Lehen mailan berriz, kolore bakarra izan zuen partidak Bergara nagusitu baitzen Arizti Handin jokaturiko partidan. Indartsu hasi ziren bergararrak ordu laurdena burutzean 0-3 aurretik zirelarik. Bigarren zatian hobetu zuten goierritarrek baina tartea handiegia zen, eta kanpokoek beste bi gol egin zituzten; 0-5 galdu zuten.

Azkenik, azpimarratzekoa infantilen mailan fase berri baten hasiera. Goierri Gorri “B” taldea txapeldunen fasean da. Lehenengo jardunaldian Mutrikun 3-0 galdu dutelarik. Gainontzeko bi taldeek kopan lehiatuko dute. Asteburuan hasi den honetan, honako emaitzak izan ditugu: Goierri Gorri “A” 0-3 Ordizi; Urola 3-0 Goierri Gorri “C”.

No Replies to "Bi porrot jarraian urtea amaitzeko"


    Komentarioak

    Some html is OK