Enbor bereko atezainak

Ataungo Igartzate baserriko ataria futboleko bi atezain sortzen ikusia da. Anarro Imaz (51 urte ditu) lehenengo, eta Naiara Aldasoro (24 urte ditu) orain. Izeba-ilobak dira. Anarro, izeba, 1985. urte inguruan Alkartasuna Lizeoan izan zen zelai handiko emakumezkoen futbol taldeko atezaina izan zen, eta ondoren Añorga taldekoa. Iloba, Naiara, gaur egun, Goierri Gorri taldeko Euskal Ligako atezaina da. Biak ala biak, Ataungo herri eskolan hasi ziren futbolean, neskak eta mutilak elkarrekin jolasten zuten.

Imaz Beasaingo Alkartasuna Lizeora ikastera joan eta Joxe Esteban Sarriegi zena entrenatzaile zela, futbol zelai handian lehiatzeko taldea sortu zuten Lizeora joaten ziren eskualdeko herri desberdinetako hainbat neskek osatua. Kamiseta gorria eta praka zuriak jantzita jokatzen zuten. Kontxa hondartzako txapelketan jokatu zuen talde hark. Beste talde batzuen artean, Añorga eta Oiartzunen aurka jokatzen zuten. Beasaingo Loinatz futbol zelaian eta Ataungo zelaian ere jokatu zituzten hainbat partida.

Anarro Imaz (zutik, eskuinetik bigarrena) Camp Nou zelaian Euskal Selekzioarekin.

Ibilbide laburra izan zuen Lizeoko taldeak, baina Anarro atezainak, futbolean jarraitzeko aukera izan zuen, beste taldekide batzuk bezala. Añorga taldean aritu zen lehenengo. Euskal Selekzioaren atea defendatzen ere aritu zen. «Bartzelonara, Camp Nouera, joanda nago Euskal Selekzioarekin, nahiz eta ez nuen jokatu; baina egote hutsa ere handia izan zen», gogoratu du. Tolosako talde batekin areto futbolean ere aritu zen ondoren.

Oroitzapen onak ditu Anarro Imazek: «Gu ondo pasatzera joaten ginen eta ondo pasatzen genuen». Partida garaian arerioak izanagatik, gero elkarrekin joaten ziren parrandara. «Oiartzungoak eta Añorgakoak oso ondo konpontzen ginen, harreman polita geneukan».
Ligamentuak hautsi eta futbola utzi egin behar izan zuen, «orain dela 25 bat urte-edo».

ALDASORO BIDE BERETIK

Aldasorok ere izebaren antzeko ibilbidea izan zuen hasieran: «Ataungo eskolan hasi nintzen ni ere, eskolartekoan, eta Lazkaora ikastera joan nintzenean, areto futboleko hango taldean hasi nintzen», azaldu du. «Behin ideiak argitu arte denean ibiltzen ginen, atezain eta aurrelari, bietan», gaineratu du. Futbol zelai handian aritzeko gonbidapena jaso zuten hainbat jokalarik, eta ideiak bertan argitu zitzaizkion: «Nik eskularruak eraman nituen badaezpada ere, atezain jarri ninduten eta hala nabil harrezkeroztik,  gustura, ondo atera da. Ez dakit zer izango zen orduan eskularruak eraman izan ez banitu».

Jarraitzaile fina du izeba eta ahal duenetan ilobaren partidak ikustera joaten da. Partida bukatutakoan, «ikusten dudana esateko ez daukat arazorik, baina hortik ni erakusten hastera…  zerbait komentatzen dugu baina berak badauzka bi entrenatzaile», dio Imazek. Dena den, txukun ibiltzen dela uste du, nahiz eta berak zuen akats bat ere baduen: «Arerioa baloiarekin datorrenean, ondo iristea, noiz atera neurtzea. Azkenaldian horretan ere hobetu du»./p

AURTEN GOIERRI GORRI

GOIERRI_GORRI_EUSKAL_LIGAK

Naiara Aldasoro da Goierri Gorri taldeko atezaina.

Izebak izan zuen baino aukera zabalagoa dute gaur egun neska futbolariek; «gaur egun ere nahikoa zailtasun badute, baina aukera gehiago dago». Aurten gainera, Goierriko emakumeen futbola bultzatzeko eta sendotzeko helburuarekin sortu den Goierri Goierri taldea sortzeak ere lagunduko duela uste du. Imazen garaiko Alkartasuna Lizeoko taldeak bezala, kamiseta gorria dute Goierri Gorrikoek jokalariek.

Ataundarrari erabaki zuzena iruditu zaio Goierriko hainbat talde elkarte eta klub berri bat sortzea: «Ari da bai indarra hartzen, beharrezkoa zen gainera. Lazkaok eta Beasainek bere taldeak bazituzten baina gero iristen zen momentu bat, jokalari batzuk utzi eta talderik ez zegoela. Elkartuta zerbait fundamentuzkoa egin daiteke. Jokatu nahi duenak jarraitzeko aukera dauka». Benjaminetatik hasi eta Euskal Ligaraino taldeen mailaz mailako eskailera sortua eta osatua dago dagoeneko: «Eskailera hori ez badago, etorkizunik ez dago. Edozein momentutan beheko taldeetatik jokalariek igotzeko aukera izatea beharrezkoa da». Onurak nabaritu dituzte dagoeneko: «Jendez ere neurrian gaude, eta lesioek ere ez digute lagundu… Ondo etorri da Goierri Gorriko eskailera izatea, jubeniletatik ere tira egin daitekeelako. Jende ona dago hor ere».

Sailkapenaren erdi aldean daude, eta gora begira jarri nahi dute goierritarrek. Entrenatzaileak esaten digu postu batzuk igo beharrean gaudela. Ahal den guztian irabazi egin behar da.

No Replies to "Enbor bereko atezainak"


    Komentarioak

    Some html is OK