ETORKIZUNA BERMATZEA HELBURU

Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 08/02/2018

Goierri Gorriren bigarren denboraldia izan arren, ibilbide luzea izateko nahia dute. Emakumezkoen futbola egonkortzeko asmoz batu dira aurten ordiziarrak klubera.

Goierri Gorri futbol taldearen ideia aurretik badator ere, duela bost urte hasi zen gorpuzten kluba. Taldeak, herriak eta jokalariak pilatu ondoren hasi ziren izen ofiziala erabiltzen eta 2017/18 denboraldia bigarren urtea dute.

Beharraren ondorioz sortutako proiektua da. Emakumez-koen futbolean ez zen jarraikortasuna lortzen taldeei zegokienez, eta Goierri Gorri hari irtenbidea emateko bideratu zela dio Koldo Zaldua lehen taldeko entrenatzaileak.

Aurrez, Beasain KE-ak Euskal Ligan zuen taldea, baina horren azpitik kadete mailako taldea soilik zuten. Lazkaon, bestetik, batu aurretik, jubenilen taldea zen maila altuenekoa. Egoera nola zegoen ikusita, kadete taldeak batzea eta jubenilaren ordez Euskal Ligako taldea sendotzea erabaki zuten. «Behar bezala antolatzen» hor hasi zirela aitortu du Zalduak. Lehen taldeko jokalari eta kapitaina den Miren Arrondok dio beraiek ere eskertzen dutela pausoa, lehen partidetara «kopuruz nahiko larri» joaten zirela baieztatuz.

Identitate propioa helburu

Kirol lorpenak albo batera dituzte oraingoz. Ibilbideak berak pisua hartuz, emaitza edo hobekuntza ekarriko duelakoan dira Goierri Gorriko ordezkariak. Emakumezkoen futbola indartu, jokalariak pilatu eta eskailera osoa osatu du klubak.

Herri desberdinak elkartuz, tokian tokiko identitatearekin amaitu eta proiektu komunaz ohartzea dela zailena aitortu du Koldo Zalduak. Zelai desberdinetan jokatzeak are zailago egiten duela dio entrenatzaileak, nahigabe «Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako talde» izenez deitzea delako errazena. Zailena, ordea, «hasierako pausua izan da, elkartzearena».

Jokalarien aldetik ere antzeko egoeran sentitzen direla aitortu du Miren Arrondok: «Toki guztietan gaude, baina aldi berean inon ere ez. Kosta egiten zaigu elkarren berri izatea».

Kopurua handituz doa

Bi urteko ibilbide ofiziala soilik izan arren, jokalari kopurua nabarmen handitu da iaztik hona. Horren arrazoi nagusietako bat ordiziarrak batzearekin zerikusi zuzena du.

Gaur, 12 taldek osatzen dute Goierri Gorri, alebin mailatik hasi, eta euskal ligara arte. Maila berdinetan taldeak errepikatu beharrean badira ere, kadete zein nagusien kategorietan koska bat gorago dauden bi talde ditu klubak: Euskal Ligakoa, eta ohorezko mailako kadetea.

Maila altuenak sostengatzearen garrantziaz hitz egin du Zalduak. Goiko taldeek «isla eta erreferente» izan behar dutela dio entrenatzaileak, baita ahal bada koska bat gora egin ere.

Gorantz aukera gehiago

Aukera hori hizpide izan du Zalduak, egun erregionalek igoera lortuz gero ezinezkoa litzatekeelako maila bat gora egitea. Euskal Ligako taldeak gora eginda, tartea egiten diete azpikoei. Kirol aldetik asko eman dezakeela dio, kopuruan nahiz mailan.

Jokalarien aldetik ere «lasaitasun nabarmena» atzeman dutela dio Miren Arrondok, «nolabaiteko ziurgabetasunarekin amaitzea» lortu duela Goierri Gorrik. Estruktura finkoa izatean, zalantzak deusestatzea lortu dutela dio euskal ligako kapitainak.

Kopurua handitu ahala ordea, lanak ere pilatu zaizkie Goierri Gorriko zuzendaritzari zein entrenatzaileei. Koldo Zalduak gakoa indarrak batzea dela ziurtatu du: «Jokalari eta talde kopurua handitzeak, talde teknikoa ere handitzea eskatzen du. Elkarlana ezinbestekoa da eta are gehiago honek hartu duen dimentsioa ikusita».

Zailtasunak ere badira

Goierriko herrien arteko bereizketak albo batera utzi, eta aurten Ordizia batu da proiektura. Hasiera batean lazkaotarrekin eta beasaindarrekin gertatu bezala, «horma hori haustea» zail egiten dela dio Miren Arrondok. Entrenamendu eta partidekin ordea, marrak leuntzen doazela dio taldeko kapitainak. Denborarekin «helburu eta elastiko beragatik borrokan» bat egin behar dutela argi du Arrondok.

Sentimenduena ez da denboraldi hauetan sortu den eta gainditu behar den koska bakarra. Goierri Gorrik ez du zelai propiorik, horrek dakartzan buruhausteekin.

Ordutegiak finkatzeko garaian, adin tarte bereko bi talderen partidek elkar oztopa dezaketela dio Koldo Zalduak. Esaterako, Euskal Ligako taldeak Loinazen jokatzen duen une berean, Altamiran erregionalak jokatzea suerta daiteke. Zelai bakarrean aritzea errazagoa litzatekeela aitortzen du Zalduak, apurka apurka talde guztiak pasako liratekeelako bertatik.Oztopoak oztopo ordea, klubeko partaide guztiek argi dute: «Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutirago».

No Replies to "ETORKIZUNA BERMATZEA HELBURU"


    Komentarioak

    Some html is OK