Goierri Gorrik puntu bat ekarri du Hernanitik

Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 27/11/2017

Bana berdindu du Euskal Ligako taldeak Hernanin jokatu duen asteburuko partidan

Norgehiagoka garrantzitsuari egin dio aurre Goierri Gorrik asteburuan Hernaniren zelaian. Sailkapenari dagokionez, garaipenak salto bat emateko balioko bazuen ere, aurkari gipuzkoarrek hiru puntuak ez eramatea garrantzitsua zen. Banako berdinketarekin aurretik jarraitzen dute goierritarrek.

Bi taldeek ongi ezagutzen dure elkar, eta ondorioz ez zen nagusitasunik izan zelai erdian. Elkarren indarguneak jakinda arrisku gehiegirik ez zuten hartu bi taldeek. Hernanik baloi luze bidez aldatzen zuen jokoa baina goierritarrek esperotakoa izanik, atzean ongi kokatuta zeuden. Aukera garbirik gabeko lehen zatia izan bazen ere, geldikako jokaldietan etorri ziren etxekoen aukerak. Alboko sake bat zelaiaren alde batetik bestera mugitu, areaz kanpoko jaurtiketa batean bihurtu eta etxekoen gola etorri zen partidako lehen ordu erdia pasata zela.

Lehen zatian baloi jabetza argirik izan ez bazen, bigarrena are eroagoa bihurtu zen. Berdinketa nahi zuen Goierri Gorrik baina pase luzeak ez zituzten jokaldi arriskutsu bihurtzen. Ahulkitik aldaketak agin zituen Koldo Zalduak ezaugarri desberdineko jokalariren bat zelairatuz eta horrek jarrera erasokorragoa eman zion taldeari. Berdinketaren gola 64. minutuan etorri zen Mar Luzuriagaren hanketatik. Zelai erdian hartu zuen baloia eta atzeko lerro guztia gainditu zuen baloia sareetara bidali aurretik. Hortik aurrera, markagailua aldatzeko aukera izan bazen ere, bere horretan gelditu zen.

Datorren asteburuan partida garrantzitsua du taldeak lehen itzulia amaitzeko. Jaitsiera postuetan den Añorga jasoko dute Loinazen igandean. Etxean hiru puntuak geldituz gero taukaren erditik gora begiratzen hasteko aukera izango dute goierritarrek.

No Replies to "Goierri Gorrik puntu bat ekarri du Hernanitik"


    Komentarioak

    Some html is OK