Euskal Ligan Gutxiengo aldeagatik porrota Bizkerreren aurka

Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 07/11/2016

EUSKAL LIGA JUBENILAK KADETEAK INFANTILAK
Bizkerre 1-0 Goierri Gorri Atsedena Aloña Mendi 1-1 Goierri Gorri Goierri Gorri “A” 1-15 Tolosa “A”

Goierri Gorri “C” 1-6 Goierri Gorri “B”

Taularen goiko aldean kokatu ohi den taldea da Bizkerre, jokoaren dinamika kontrolpean izatea gustatzen zaiona eta horren bidez partidak aurrera eramaten dituena. Igande arratsaldeko neurketa ordea, Bolue zelaiko berdegunea ez zen horretarako egokiena. Euri jasen ondorioz bestelako joko mota bat eskatzen zuen norgehiagokak, eta Goierri Gorriko jokalariek bideratzen jakin zuten hasieran. Egoera horretan gol bat egiten zuenak irabaztea zen zentzuzkoena, eta horrela gertatu zen, goierritarren kalterako.

Partidako lehen zatia ongi irakurri zuten gorriek. Lehen aukera etxekoek egin bazuten ere jokoa hobe banatzen baitzuten. Aurkarien atera iritsi bai, baina ez zuten gola egiterik lortzen goierritarrek eta horrek taldeari gainkarga eman zion. Aldageletatik bueltan, euriak jarraitu eta okerrago zegoen zelaia. Nekea nabaritu zen eta Bizkerrek pausu bat egin zuen aurrera. Zelai erdiaz jabetu eta nagusi izan ziren bigarren zatian eta aukera argirik egin ez bazuten ere arriskua beraiek zuten. Partida amaitzeko 15 minuturen faltan, korner batetik etorri zen bizkaitarren gola. 1-0eko markagailuari ezin izan zioten buelta eman Koldo Zalduaren neskek, eta esku hutsik itzuli ziren etxera. Taularen erdian aurkitzen dira, zortzigarren ostuan 11 punturekin. Datorren asteburuan, Igartzan hiru puntuak bereganatzen saiatuko dira gorriak gorantz salto bat emateko igandean 15:30etan. Horretarako momentuz aurkari zuzena den beste talde bizkaitar bat, Berriotxoa, izango dute parean.

Asteburuko gainontzeko emaitzei erreparatuz, jubenilek atsedena izan zuten. Kadeteek aldiz puntu bat ekarri zuten Goierrira Oñati aldetik. Aloña Mendiren aurkako norgehiagoka jokatu zuten larunbatean, banako berdinketarekin amaitu zelarik. Puntu borrokatua izan zen Ioritzen taldeak lorturikoa. Eguraldi txarra medio eta zelaia putzuz beteta, baloia mugitzeko zailtasunak izan zituzten. Lehen zatian goierritarrek izan zituzten aukera garbienak, baina etxekoek egin zuten gola eta 1-0 atzetik joan ziren aldageletara. Itzultzean berriz banakoa egin zuen Olatzek, jaurtiketa bikain batekin. Honen ondoren, oñatiarrek arrisku gehiago sortu arren, ez zuten markagailua mugitzerik lortu.

Infantiletan lehia izan da Goierriko bi taldeen artean. Infantilen “B” taldeak 1-6 irabazi baitzion, maila bereko Goierri Gorri “C” taldeari. Emaitza esanguratsua izanagatik, partida borrokatua eta polita eskaini zuten. “A” taldeak berriz, Tolosako taldea izan zuten parean, eta aukerarik gabe utzi zituzten goierritarrak, 1-15eko emaitzaz gaindituz.

Goierri Gorri klubak bazkideak lortzeko kanpaina hasi du

Goierriko nesken futbola sustatzeko eta indartzeko helburuarekin sortutako kluba da Goierri Gorri kluba. 140 jokalarirekin, alebinetatik hasita eta Euskal Ligara arteko bederatzi talderekin hasi du ibilbide berria Goierri Gorriren proiektu «irekiak eta berritzaileak». Klub guztiek bezala, bazkideak behar izaten ditu talde batek eta bazkide kanpaina hasi du Goierri Gorrik. Urteko kuota 60 eurokoa da, hemen eska daiteke bazkidetza txartela.  Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutirago lema du taldeak eta  Goierri Gorri  proiektuaren helburuekin bat egiten dutenek aukera dute Goierri Gorrirekin bat egiteko.

Era berean, Goierri Gorritik jakinarazi dutenez, klubarentzako dirua lortzeko helburuarekin, Eguberrietako loteria jarri dute salgai.

No Replies to "Euskal Ligan Gutxiengo aldeagatik porrota Bizkerreren aurka"


    Komentarioak

    Some html is OK