[lead]Alebinetatik senior arteko zortzi talderekin hasiko dute denboraldia irailean. Lazkaok eta Beasainek nesken futbola sendotu eta bultzatu nahi dute egitura berria sortuta.[/lead]
Beasaingo eta Lazkaoko futbol elkarteek nesken futbola indartzeko, bultzatzeko, sendotzeko eta egonkortzeko apustua egin dute. Horretarako, egitura sendoa sortzea ezinbestekoa izan da; Goierri Gorri kluba sortu dute.
Hitzetatik ekintzetara pasa dira bi herrietako futbol elkartekoak: «Urteak daramatzagu nesken futbolari buruz hitz egiten eta iazko denboraldian saiakera bat edo beste egin bagenuen ere, aurten egitura propioa sortu dugu», aurreratu du Luis Garmendiak. «Horrelako pausorik ez badugu ematen, nesken futbolak ez du jarraipenik izango. Orain arte boladaka joan dira taldeak. Proiektu honekin, orain arte ez bezala, futbolean jarraitu nahi duenak, mailaz maila ziurtatuta edukiko du taldea», gaineratu du Iñigo Arresek.
Proiektu irekia
Goierriko neska futbolariei zuzendutako proiektua da, irekia, eta berritzailea: «Hemen inguruan ez dago nesken futbolean horrelako egitura sendorik eta maila guztietako eskailerarik duenik». 2016-2017 denboraldian Goierri Gorri taldea lehiatzen hasiko da alebinetatik hasi eta senior mailako Euskadiko Ligara arteko maila guztietan. Zortzi taldetan banatuta, 130 bat jokalarik dagoeneko izena emanda daukate. Bilerak egiten ari dira herrietan proiektua aurkezteko eta gero eta jokalari gehiago ari da talde berrira gerturatzen. «Interesatuek ateak irekita dituzte», nabarmendu dute.
Momentuz, Euskal Ligara arteko taldeak ditu Goierri Gorrik. «Federazioari eskatu diogu Beasain eta Lazkao dauden mailak mantentzeko. Oraindik ez daukagu erantzunik, baina baditugu formulak mailari eusteko».
Bide berri horretan, hasieratik beharrezkoa ikusi dute klub berria sortzea; Jose Ignacio Lasa da presidentea, Iñigo Arrese presidenteordea eta Antton Rebollar idazkaria. Poliki-poliki bazkideak egiten joango dira. Zuzendari teknikoa ere badute. «Egitura sendotzen bada, emaitza onak emango ditu».
Bidean oztopoak ari dira aurkitzen, baina ekinaren ekinaz guztiak gainditzen ari dira. Izenarena ere izan da arazo bat: «Legalki arazoak daude edozein izen jartzeko». Izenarekin mugak hautsi nahi dituzte, «ez Beasain eta ez Lazkao, gu gara, Goierri. Denok bilduko gaituen izen bat jarri dugu. Mugak hautsi eta batu egin behar gara».
Kolore gorriarekin berdin jokatu nahi izan dute, gorriaren indarra izango da proiektu berriaren kolorea. «Ez txuri-urdina, ez berdea… Kolorearekin ere mugak hautsi nahi izan ditugu. Kolore gorria inork ez dauka Goierrin. Izena beraz, hortik hartu dugu», zehaztu du Garmendiak. Ekipazio berria sortuko dute, baita intsignia berria ere. Horrekin guztiarekin «nortasun propioa duen taldea izatea lortu nahi dugu».
Txandakako sistema
Taldeen funtzionamenduari dagokionean, entrenamenduak eta partidak, hasiera batean, txandaka egingo dituzte Lazkaon eta Beasainen. «Kluba indartzen doan heinean, ikusiko dugu nola joango garen moldatzen», zehaztu du Arresek.
Proiektu berriarekin itxaropentsu eta ilusioz beterik daude Garmendia eta Arrese: «Egitura sendotzen bada, emaitza onak emango ditu. Hemendik urte batzuetara zerbait handia egin dezakegu, hobetzeko aukera asko dauka nesken futbolak».