Goierritarrentzat sortutako taldea

[lead]Lazkao eta Beasain Kirol Elkarteko emakumezkoen futboleko taldeak batu eta Goierri Gorri taldea sortu berri dute. Zortzi taldetan banatuta, 130 bat jokalarik dagoeneko izena emanda daukate datorren denboraldian aritzeko.[/lead]

Futbola kiroletan erregea da. Baina bertan zehaztapenak egin behar dira. Orain gutxi arte, emakumezkoak ez ziren futbolean aritzen, ez omen zen haien kontua. Denborak, ordea, arrazoia kendu die hori baieztatzen zuten guztiei. Neskek badakite futbolean eta maila onean aritzeko gaitasun handia dute askok eta askok. Askotan, baina, ez dira izaten gehiegi futbolean jokatzera animatzen direnak eta taldeak osatzeko larri ibiltzen dira kirol elkarteak.

Beasaingo eta Lazkaoko futbol elkarteek nesken futbola indartzeko, bultzatzeko, sendotzeko eta egonkor-tzeko apustua egin berri dute eta horretarako egitura sendoa sortzea ezinbestekoa izan da: Goierri Gorri kluba sortu dute. “Duela urte batzutatik buruan geneukan ideia da, baina forma ematea falta zitzaion”, azaldu du Koldo Zaldua teknikariak.

“Mutiletan, esaterako, probak eta aukeraketak egiten ditugu nork jokatuko duen aukeratzeko, baina nesken kasuan zailagoa izaten da”, gaineratu du. Iñigo Goikoetxea teknikaria ere bat dator: “Hemen inguruan ez dago nesken futbolean horrelako egitura sendorik eta maila guztietako eskailerarik duenik”. Hori ikusita, beharrezkotzat jo dute emakumezkoek ere aukera izatea tokatzen zaien, nahi edo ahal duten kategorian jokatzen jarraitzeko.

GOIERRITARREN PROIEKTUA Goierriko neska futbolariei zuzendutako proiektua da, irekia eta berritzailea. “Nahiz eta hasiera batean Lazkaoko eta Beasaingo taldeak batuta sortu den taldea, proiektua Goierri mailakoa da”, zehaztu du Jose Ignacio Lasa presidenteak.

Asmoa Ordizia, Segura eta bestelako herriek bat egitea da proiektuarekin eta horri begira lan egingo dutela azaldu du Lasak. 2016-2017 denboraldian Goierri Gorri taldea lehiatzen hasiko da alebinetatik hasi eta senior mailako Euskadiko Ligara arteko maila guztietan. Zor-tzi taldetan banatuta, 130 jokalari inguruk dagoeneko izena emanda dute. Hala ere, bilerak egiten ari dira herrietan proiektua aurkezteko eta gero eta jokalari gehiago ari da talde berrira gerturatzen.

“Interesa duen edonork ateak zabalduta aurkituko ditu”, jakinarazi dute hirurek. Gaur gaurkoz, Euskal Ligara arteko taldeak ditu Goierri Gorrik. “Federazioari eskatu diogu Beasain eta Lazkao dauden mailak mantentzeko baina oraindik ez dugu erantzunik”, zehaztu du presidenteak.

Bide berri horretan, hasieratik beharrezkoa ikusi dute klub berria sor-tzea: Jose Ignacio Lasa da presidentea, Iñigo Arrese presidenteordea eta Antton Rebollar idazkaria. Poliki-poliki interesa dutenek bazkide egiteko aukera izango dute. Zuzendari teknikoa ere badute: “Egitura sendo-tzen bada, emaitza onak emango ditu”.

INDARRA HIZPIDE Talde berri bat sor-tzea ez da kontu erraza eta oztopo bat edo beste aurkitu dituzte bidean. Hala nola, izena aukeratzea erronka bat izan da. “Legalki arazoak daude edozein izen jartzeko”, argitu du Goikoetxeak. Izenarekin mugak hautsi nahi dituzte: “Argi geneukan Goierri egon behar zela taldearen izenean, ez Beasain eta ez Lazkao. Goierritar guztiek izango dute lekua gure taldean eta denok bilduko gaituen izen bat jarri dugu”, adierazi du Lasak. Kolore gorriarekin berdin jokatu nahi izan dute eta horregatik gorriaren indarra izango da proiektu berriaren kolorea. Ekipazio berria sortu dute eta baita intsignia berria ere. Horrekin guztiarekin nortasun propioa duen taldea izatea lortu nahi du Goierri Gorri taldeak.

Taldeen funtzionamenduari dagokionean, entrenamenduak eta partidak, hasiera batean, txandaka egingo dituzte Lazkaon eta Beasainen. “Kluba indartzen doan heinean, ikusiko dugu nola joango garen molda-tzen, baina oraingoz aukerarik hoberena hori dela uste dugu”, zehaztu du Zalduak.

Proiektu berriarekin itxaropentsu eta ilusioz beterik daude Goierri Gorri taldeko kideak eta jokalariak ere hala daudela nabarmendu dute. “Helburua jokalariak hobetzen jarraitzea da, futbolaz disfrutatzea. Neskek progresatzeko aukera izango dute eta baita kategori altuagoetan probatzeko tartea. Finean, mutilek dituzten aukera berdinak izatea nahi dugu”, azaldu dute.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *