Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 31/10/2016
[lead]Azken jardunaldietan puntuak biltzen ari da Euskal Ligako taldea. Larunbateko partidan hiru puntuak bereganatu zituzten Koldo Zalduaren neskek, igo berri den Ariznabarra taldeari 3-0 irabaziz. Lazkaoko Arizti Handi futbol zelaian jokatu zuten estreinakoz aurtengo liga txapelketan. [/lead]
Partida hastearekin batera, aurkariak egin ziren baloiarekin. Gasteizko taldeak baloia izan nahi zuen oinetan baina aurrera begira ez zuten jokaldiak josterik lortzen. Minutuak aurrera joan ahala, arabarren ate ingurura gehiago gerturatu ziren etxekoak. Erdiraketa baten ondoren, Ane Leizeagak baloia hartu eta area barruan falta egin zioten. Epaileak penaltia adierazi zuen baina Izaro Insaustik ez zuen asmatu, atezainak gelditu baitzion. Aldageletara hutseko markagailuarekin joan ziren. Bigarren zatiarekin batera, hobe kokatu ziren Goierri Gorriko jokalariak. 48garren minutuan Ane Leizeagak pase luze baten bidez, Ane Lopezi pasa zion baloia. Honek defentsen artetik errematea egin eta 1-0ekoa igo zuen markagailura. Taldea lasaiago aurkitu zen abantailarekin, eta ondorengo bi golak jarraian iritsi ziren. Mara Munduateren oinetatik etorri ziren biak. Partidaren azken momentuetan bi taldeek izan zuten aukeraren bat baina 3-0eko markagailua ez zen mugitu. Garaipen honekin zazpigarren postuan dira goierritarrak 11 punturekin.
Harrobiari dagokionean, jubenilen taldeak alderantzizko bilakaera izan zuen. Menderatzen hasi zen Goierri Gorri taldea Touring taldearen zelaian, baina 11garren minutuan penalti bidez aurreratu zen etxeko taldea. Partidako ordu erdia bete orduko berdindu zuen Amaia Erauskinek markagailua. Jokoa menderatu arren, ez zuten aurrea hartzerik lortzen eta atsedenaren aurretik bi gol egin zituen etxeko taldeak, 3-1. Atsedenetik bueltan asko gogortu zen partida, eta 70garren minutuan Amaiak kontuko bigarren gola egin bazuen ere ez zen aski izan. Azken minutuak bat gutxiagorekin jokatu zuten gorriek, eta azkenean esku hutsik itzuli ziren.
Kadeteek berriz, jokoa eta markagailua menderatu zuten Arizti Handin. Distira gehiegi egin gabe, baina atsedenera 2-0 aurretik joan ziren Alaitz eta Ainhoaren golekin. Azken honek bigarrena ere egin zuen aldageletatik bueltan, eta Zarauztarrek aldea murriztea lortu bazuten ere goierritarrek amaierako 4-1ekoa sartu zuten, kasu honetan Ihintzaren oinetatik.
Gaztetxoenen emaitzak ez dira onak izan, infantilen hiru aldeek galdu baitute. Tolosara bidaiatu zuen talde batek eta 12-0 itzuli ziren etxera. Arizti Handi zelaian, Euskaldunaren aurka 2-4 galdu zuten besteek; eta hirugarren taldeak Urnietan 2-1 galdu zuen.
Goierri Gorri klubak bazkideak lortzeko kanpaina hasi du
Goierriko nesken futbola sustatzeko eta indartzeko helburuarekin sortutako kluba da Goierri Gorri kluba. 140 jokalarirekin, alebinetatik hasita eta Euskal Ligara arteko bederatzi talderekin hasi du ibilbide berria Goierri Gorriren proiektu «irekiak eta berritzaileak». Klub guztiek bezala, bazkideak behar izaten ditu talde batek eta bazkide kanpaina hasi du Goierri Gorrik. Urteko kuota 60 eurokoa da, hemen eska daiteke bazkidetza txartela. Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutirago lema du taldeak eta Goierri Gorri proiektuaren helburuekin bat egiten dutenek aukera dute Goierri Gorrirekin bat egiteko.
Era berean, Goierri Gorritik jakinarazi dutenez, klubarentzako dirua lortzeko helburuarekin, Eguberrietako loteria jarri dute salgai.